Eduki publikatzailea
Atzealdea

Iñurritza biotopoa

Iñurritza biotopoa

KANALA

“Kanala" hitzak beharbada gauza handiaren sentsazioa ematen du, baina ez da horrela. Zarautzen "kanala" deitzen badiogu ere, nahiko txikia da. "Kanala" deitzearena XX. mendearen hasieran egin ziren bokalea kanalizatzeko murruengatik izango da seguruenez.

Inguru horretan marea indarrez sartzen da eta ur gazia eta geza nahasten da. Bertaraino materialak, hondarra, harriak eta bestelako gauza asko arrastatzen dira, eta horrelako ur arreak, horrelako eguneroko desordenak –bi aldiz gazi, bi aldiz geza, eta gero lehor baita landareen bizitza zailagotu egiten du; ez ordea animali bizitza, era askotakoak eta ugari baitaude. Kaioak bezalako espezie oportunistak talde handitan biltzen dira, mokoarekin haizeari aurre eginez lumak orrazteko. Kuliskak itsas ertzean alde batetik bestera ibiltzen dira intsektu txikiak mokokatzen. Korrokoi tripazaleek ur uher hauek kolonizatzen dituzte ia denetik janez. Maskorren aztarnek adierazten digute beste izaki batzuk ere badaudela. Txirriak, zomorroak, barraskiloak, itsas arkakusoak eta abar kanaleko izaki tipikoak dira, eta batzuek beren aztarna uzten dute bertako zoru bigunetan.

 

DUNAK

Hondartzaren Iparraren eta Iñurritza ibaiaren ezkerraldearen artean, probintziako duna-sistema zabalena dago, 177.200 m2 ingurukoa. Horietako gehienak golf klubaren instalazioen barruan daude.

Berriki egindako pasabide batek dunak bisitatu eta bertako landareak eta zortea izanez gero izaki txiki batzuk ere ikusten lagunduko digu.

Dunak formazio ahulekoak dira. Bertako landaredia kentzeak hondarra haizearen eskuetan uzten du, eta horrek duna hautsi egiten du ezinbestean.

Dunaren alde horretan, itsasoari begira bizi diren landareek asko sufritzen dute eguraldi zakarrarengatik.

Dunako landarediak eta animalia guztiek oso baldintza latzak jasan behar dituzte eta oso bizimodu zaila dute. Eboluzio urte asko behar izan dute horrelako bizimodu gogorrera ohitzeko, ia desertuko bizimodua baita: oso eguzkitsua egunez, urari eusteko zailtasunak eta hondar ale finak bere azal eta hostoen kontra astintzen dituen etengabeko haizearen kresala.

Landareek hainbat sistema bilatu behar izan dituzte hondarraren sakonean hezetasuna bilatzeko edo bere hostoek –esponjak izango balira bezala– urari eusteko, baita kanal txikiak balira bezala kokatuz ihintz tantak zuzenean landarearen zurtoinera bideratzeko ere.

Dunetako fauna, hegaztiak, narrastiak, anfibioak eta intsektu txikiak ekosistema horren baldintza zailetara egokitu dira, eta ikusi nahiz behatzeko pazientzia handia eduki behar da; izan ere, gehienak beren ingurunearekin mimetizatu egiten dira, eta baten bati erreparatuz gero, ez itzazu beldurtu, argazkia atera eta eraman ezazu oroigarri polit bat.

 

PADURA

Iñurritzako padura oso handia izan ez arren, ekosistemaren berezitasun guztiak gordetzen ditu. Berreskuratze fasean dago eta lehenbailehen berreskuratzea espero dugu denok. Pertsonak aldatu egiten dira, pentsamoldeak ere bai, eta duela urte batzuk zabortegi zenak, "zubiondoko zakarreta", beste itxura bat du gaur egun.

Paduraren landaredia oso berezia da, eta aniztasun handirik ez izan arren, aberastasun apartekoa du, bertan egunean bi marearen bisita onartu eta lokatzetan gelditutako kresalari aurre egiteko gai diren landareak bakarrik bizi baitira, baina aldi berean ur gezatara egokitu behar dira. Paduretako landarediak lehen mailako rola jokatzen du kanalaren eta paduraren ziklo biologikoan, eta ezinbestekoa da bertan bizi den faunarentzat.