Web edukia bistaratu

Zarauzko merkatua

 

Zarautz herri lasaia eta dotorea da. Isabel II erregina bera ere erakarri zuen, udako egonaldietarako Zarautz aukeratu baitzuen. Herri erosoa eta bizia, jende askok bertan du bere bigarren etxea. Surflari askorentzat ere erakarmen handiko herria da. Baina, hondartza eta udaz gain, Zarautzek baratza jarduera ugari eta aberatsa du, garaian garaiko produktu bikainekin. Aberastasun hori azokan ikus dezakezu. Egunero egiten den azoka hori da gure eskualdearen gastronomia enbaxadorerik onenetakoa: inguruko baserritar eta abeltzainen artisau erako lan nekaezin eta landuaren erakusleiho aparta.

Orografiak eta industria astunik ez izateak hainbat baserri gaur arte iristea eta goi mailako produktuak ekoiztea ahalbidetu du, aire librean nahiz negutegien bidez: tomatea, baina, piperra, ziazerbak, letxua, tipula, patata, baratzuria, porrua, azenarioa, azalorea, kalabaza, aza, baba, ilarra, espinakak…

1903an eraiki zuten Zarauzko azoka, Ramon Cortazarren diseinuarekin. Azokaren erdialdean ikus dezakezu baserritarren baratzetako emaitza koloretsua: barazkiak, loreak eta landareak. Postu finko itxietan, berriz, urdaitegiak, gazta saltzaileak, harategiak, arrandegiak, fruta saltzaileak eta lore saltzaileak.

Azoka Zarauzko herriaren erdi-erdian dago, garai bateko etxadi baten erdian eta eraikin ondare gisa katalogatuta dago. Azoka altxor kutxa handi bat da, gure etxekoandreek euskal sukaldaritzaren oinarriak lantzeko behar izan dituzten goi mailako lehengaien altxor-kutxa.

Jakingarriak

Bi urtez egokitzapen lanak egin ondoren, 2009an ireki zituen ateak azokak, gaurko itxurarekin. Garai batean baserritarrek beren soberakinak ekartzen zituzten azokara, baina gaur egun saltzeko ekoizten dituzte beren produktuak.

Nahitaezkoa ohiko merkatua bisitatzea; bertan, produktu freskoenak eta garaian garaikoak aukeratu ahal izango dituzu. Hortxe ezagutuko dituzu gure sukaldaritzako sekreturik ezkutukoenetakoak… Zarauzko baserritarren jakinduriari eta itsasoaren hurbiltasunari esker, kalitateari dagozkionez ukitu berezia daukate gure produktuek. Herriko merkatuan, lurrak eta itsasoak eskaintzen dizkiguten altxorrak aurkituko dituzu.