Eduki publikatzailea
Atzealdea

Itsas Zaporeak

Itsas Zaporeak

ITSAS ZAPOREAK EKIMENA

Azaroan zehar, igandero eskainiko dira Urola Kostako esperientzia gastronomikoak: eskualdeko itsas ondarearen gaineko kontakizunekin jantzita, erdi-prezioan.

“Kosta Gastronomika” Urola Kostako turismo eskaintzaren baitan, Euskal Itsas Museoan egindako agerraldian aurkeztu da “Itsas Zaporeak” ekimena. Azaroan zehar, igandero, eskualdeko herri bakoitzean esperientzia bat eskainiko da; erdi-prezioan. Aurtengoan, gainera, esperientzia gastronomiko guztiak eskualdeko itsas ondarearen gaineko kontakizunekin jantziko dira.

Kosta Gastronomikaren eskaintza Urola Kosta eskualdeak gastronomiaren arloan duen aberastasunean oinarritzen da. Eskualdeko gastronomia sustatu eta balioan jartzeko 2015. urteaz geroztik egindako turismo mailako lanketa estrategikoaren emaitza da. Mundu zabalean aitortutako ospea duten eta goi mailako kalitatea duten produktuak enbaxadoretzat hartuta, Kosta Gastronomikaren bitartez bertako produktuak balioan jarri eta parte-hartzaileei esperientzia ahaztezinak bizitzeko aukera eskaintzen zaie.


Gastronomiaz gain, itsas nortasuna eta tradizioa

Eskaintza hilabete batera zabaldu ez ezik, gastronomiaz haratago doan proposamena da aurtengoa. Izan ere, eskualdeko izaera bereziten duen itsas ondarea du oinarri ekimenak. Urola Kostan itsasoari begira garatu bada bizimodua, horren adierazle da gastronomia; baina baita hainbat ohitura, tradizio eta bestelako ere. Horri guztiari egin nahi izan zaio keinu “Itsas Zaporeak” goiburu hartuta: gastronomiaren eta itsas ondarearen arteko bidegurutzetik, eskualdearen potentzialitateak baliatu eta elkarlanean, lankidetzan bailara eraikitzeko beste urrats estrategiko gisa.

Hala, Leire Otero historiagilea gidari lanetan jardungo da esperientzia gastronomiko guztietan; itsas ondareari etengabeko erreferentziak eginez; jan edanez gain,  partaideek ezagutu ditzaten eskualdeak bere-berezko dituen hainbat istorio, bitxikeria eta tradizio. Balio-erantsi nabarmena emango zaie esperientzia gastronomikoei; itsas zaporez zipriztindu eta eskualdearen izaera eta ondarea lehen lerrora ekarrita.

•    Orio: Bisigua Orio Estilora!
Bisigua Orioko estilora prestatzeko sekretu gutiak ezagutuko dira bisitan; eskualdeko erretegietako sukaldari maisuen eskutik. Errezeta aski ezagunaren historia eta jakingarri guztiak erakutsiko dira; usain eta zapore ahaztezinenekin, bisigua probatzeko aukera izango da txakolinarekin lagunduta. Eguerdiko 12:30ean hasita, ordubete inguruko esperientzia izango da; erdi-prezioan (17€).

•    Zarautz: #Txotx! Esperientzia
Inguru paregabeaz gozatzearekin batera, sagardoa dastatu eta bere historia zirraragarria ezagutzeko aukera. Eguerdiko 12:00etan hasita, erdi-prezioan (6€). Beharrezkoa da norberaren ibilgailua  bertaratzeko.

•    Zumaia: Euskal baserriaren sekretuak
Nolakoa da eguneroko bizimodua euskal baserri batean? Ezagutu bertatik-bertara baserriko bizilagun eta animalien egunerokotasuna. Sagardoa eta gazta dastatzeko aukera eskainiko da. Beharrezkoa da norberaren ibilgailua bertaratzeko eta esperientzia egokia da familian bizitzeko. Eguerdiko 12:00etan hasiko da. (5€).

•    Aia: natura eta kalitaterik oneneko gaztak
Aiak baldintza eta ezaugarri paregabeak ditu kalitatezko behi, ahuntz nahiz ardi gaztak egiteko. Artzain eta gaztagileen eskutik ekoizpen prozesua ezagutuko da. Gaztarekin batera, bertako sagardoa ere dastatzeko aukera izango da. Eguerdiko 12:30etatik aurrera. Familientzako esperientzia egokia da eta bertaratzeko beharrezkoa da ibilgailua (6€).

•    Getaria: Itsas esperientzia
Itsas kontserbak nola egiten ikusi eta ikasteko aukera ezin hobea da. Bisitarekin batera, antxoa, hegaluzea eta txakolina dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Goizeko 11:00etan hasiko da bisita gidatua. (11€)

Plazak mugatuak dira; hau da, gehienez, 15 pertsonentzako lekua dago ekimen bakoitzeko. Azaroan, igandero, esperientzia gastronomiko guztiak erdi-prezioan eskainiko dira; eta 12 urtez azpikoek doan izango dute bisitez gozatzeko aukera.

Informazioa eta izen-ematea:
Ezinbestekoa da aurrez erretserba egitea. Gaurtik aurrera, irekita dago izen-ematea. Erretserbak egin edota informazio gehiago eskuratzeko zabalik daude Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako turismo bulegoak.