Erronken eguna

Bi erronka proposatzen ditugu ZARAUTZEN egun bizi-bizia igarotzeko.

Goizean, naturan murgilduko gara, Vista Alegre parkeko bidezidorretatik, orientazio iraunkorreko zirkuitu baten bidez. Zarautz aire zabalean; Zarautzez gozatzeko beste modu bat.

Egun bizi-bizia igaro nahi Zarautzen? Emozioz eta ezustez beteriko jardunaldia izan dezakezu gure erronkak onartuz gero! Ausartzen al zara?

Lehenbiziko erronka plakak aurkitzea izango da goizean zehar. Non? Erdigunean eta Vista Alegre parke inguruko Eraztun Berde Urdineko orientazio iraunkorreko zirkuituetan. Zailtasun eta luzera ezberdineko 3 ibilbide dituzu aukeratzeko: errazena, eta familiarekin egiteko egokiena, ibilbide horia da, 1,7 kilometrotako bira herrian zehar, eta hor bilatu beharreko 10 plaka dituzu ezkutaturik. Ibilbide laranja, berriz, luzeagoa da, 2,3 kilometroko luzera du, eta 12 plakatxo bilatu behar dira herritik hasi eta Vista Alegreko parke inguruan. Azkenik, ibilbide gorria da luzeena eta zailena, eta, beraz, orientazio kirola ezagutzen dutenei bideratuta dago. Guztira,  3,4 kilometro ditu, eta 12 plaka ezkutatzen ditu herritik hasi eta Santa Barbara ermitaren ingurura igo behar da.

Natura, jolasa eta orientazioa uztartzen dituen egitasmo honetako ibilbide guztiak, Turismo Bulegoan edota www.turismozarautz.eus webgunean eskuratu ahal izango duzu. Mapa horretan, Zarauzko Eraztun Berde Urdinean zehar bilatu beharreko elementuak zehazten dira, eta aurkitzen dituzun heinean, plakan bertan dagoen letra apuntatu beharko duzu mapan.


 

Arratsalderako bi aukera ditugu; bata itsasoan eta bestea, berriz, lehorrean:

- Surfa: berdin da zure kabuz edota Zarauzko surf eskola baten laguntzarekin, zure lehenengo aldia den edo askotan jardun izan zaren, uda edo negua, egun eguzkitsua edo euritsua... murgildu itsasoan eta jolastu olatuekin. Ez zara damutuko!

- Rokodromoa: hurbildu Zarauzko rokodromora eta ezagutu kirol berezi hau! Lehenengo aldia dela? Arazorik ez, bertakoek praktikatzen, gozatzen eta arattsalde on pasatzen lagunduko dizute. Guztiz harrapatuko zaitu!

 

 

Jarri harremanetan Zarauzko Turismo Bulegoarekin