Kosta Gastronomika

Kosta Gastronomika

Bidegurutzeak magikoak dira. Erakargarriak batetik eta misteriotsuak bestetik. Bidegurutzeetan kanpokoa eta bertakoa elkartzen dira, bertakoaren harrotasuna eta kanpokoaren jakinmina. Horixe gertatzen da Urola Kostan. Inguru paregabea, naturak eta gizakiak historiaren bide luzean ondua. Ohitura zahar zein berrien sarean daude ehunduta Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio eta Aia.

Oria ibaiaren bideak batzen ditu Orio eta Aiaren historia. Aiako auzo batzuetara joateko aurrena Zarautz igaro behar duzu. Bien artean dago 2.860 hektarea dituen Pagoetako Parke Naturala. Zarauztik begira jarrita eguzkia sartzen ikusiko duzu San Anton mendiaren atzean, Getariako arratoi ezagunaren atzean. Bi herri, garai batean balea harrapatzen norgehiagoka ibiliak. Gaur, ibilaldi zoragarri bat eskaintzen dizute batetik bestera, hondartzak atzean utzi eta itsaslabarren ondoan, bost herrietako marinel eta surflarien gozagarri den eremu paregabean. Ibilaldi hori N634 errepidearen ondoan doa. Errepide ikusgarri horrek Getariatik Zumaiara eramango zaitu. Errepide bihurria eta itsaso zakarrarekin ikusgarria. Adituen iritziz, munduko errepiderik erakargarrienetakoa da gidatu eta paisaiaz gozatzeko. Hori guztia Oria eta Urola ibaiak itsasoratzen diren eremuan. Gozamen hutsa kartografia horretan galtzea!

Bidegurutzeak… garai batekoa, gaurkoa, bertakoa, kanpokoa… Gastronomian ere bai. Urola Kosta irudi, usain, testura eta zaporeen unibertsoa da, herri bakoitzak bere enbaxadoreak dituelarik. Baina bada batzen gaituen zerbait, hain zuzen ere, parrilla, antzinatik datorrena, goi mailako elaborazioak ekarri dizkiguna. Suz goritutako brasak jakiei zaporerik benetakoena ateratzen die, otordua iragartzen du, kale bazter guztiak lurrintzen ditu usain bereizgarriz, plaza eta kaleak itxuratzen ditu, erretegiak han hemen, bertatik bertara… Ez dugu sekreturik. Harrotasunez erakutsi eta emango dizugu, garena eta duguna.

Informazio gehiago