Surf azpititulua
Surf-a
Itsasora begira bizi da Zarautz, eta Gipuzkoako hondartza luzeena izateaz gain, mundu osoan ospea duten olatuak sortzen dira bertan. Mundu guztiko surflarientzat erakargarria da, beraz, Zarauzko hondartza, eta horren seinale da urte guztian zehar txoko desberdinetatik iristen diren surflariak ikustea gure kaleetan.
60ko hamarkadan iritsi zen surfa Zarauzko hondartzara. Urte horietan guztietan bilakaera izugarria izan du kirolak, eta harekin batera, herriak. Beraz, kirol bat baino zerbait gehiago da surfa Zarautzen, bizimodu bat, eta horrek bere nortasuna eman dio herriari. Surf giroa nonahi sentitu daiteke. Adituak, familia osoak, ikasleak... edozein ikus dezakezu surfa egiten edo ikasten. Eta edonoiz, urte guztian zehar egoten baitira olatuak eta surflariak.
Surfa gustuko baduzu, zatoz eta probatu gure hondartza eta olatuak. Ziurtatuta izango duzu gozamena. Surflaria ez bazara, lasai. Zu ere izan zaitezke surflari, eta olatu gainean dantza egitearen sentsazioa izan. Horretarako taula gainean jartzen ikasi beharko duzu. Egia esango dizugu: ez da erraza. Baina lasai, laguntza eskainiko dizuten hainbat surf eskola dituzu herrian. Hartu taula, eta sentitu itsasoaren indarra ur gainetik irrist egiten duzun bitartean. Ba ote sentipen hobeagorik?