Zarauzko merkatua
Zarauzko merkatua
Ordutegia:
Astelehenetik ostiralera: 08:30-13:30 / 17:00-20:00
Larunbata: 08:30-13:30
Begi bistan dauden eta erakargarriak diren gune eta eskaintza ugari ditu Zarautzek. Ukaezina da hori. Baina baditu, era berean, ezkutukoak eta ezezagunak diren toki xarmagarriak. Horietako bat da merkatua. 1903 urteko eraikinaren erdian baserritarren baratzetako emaitza koloretsua aurkituko duzu: barazkiak, loreak eta landareak. Alboetako postu finko itxietan, berriz, urdaitegiak, gazta saltzaileak, harategiak, arrandegiak, fruta saltzaileak eta lore saltzaileak izango dituzu zain.
Tomateak, lekak, piperrak, ziazerbak, letxugak, tipulak, patatak, baratxuriak, porruak, azenarioak, azaloreak, kalabazak, azak, babak, ilarrak… Garaian garaikoak izanik beti, gure herriaren eta eskualdearen enbaxadore onenak dira, eta horiek guztiak eta gehiago aurkituko dituzu Zarauzko merkatuan.
Zarauzko baserritarren jakinduriari eta itsasoaren hurbiltasunari esker, kalitatezko produktuak dira. Izan ere, azoka altxor kutxa handi bat da, gure sukaldariek euskal sukaldaritzaren oinarriak lantzeko behar izan dituzten goi mailako lehengaien altxor-kutxa. Zuk zabaldu dezakezu kutxa, zure esku dago!